Jabetza berrestea
Duela hamarkada batzuk, zaleek nahastutako zintetan partekatzen zituzten gogoko abesti edo ikuskizunak. Gaur egun, sarean partekatzen eta goraipatzen dira. Milaka diskoetxek eta eskubideen jabek lizentzia-kontratuak dauzkate YouTube-rekin, zaleen bideoak ikusgai mantentzeko eta haiekin diru-sarrerak lortu ahal izateko. Zaleek gogoko dituzten artistekiko maitasuna adieraztearren kontzertuetako bideosekuentziak eta abestien nahasketak kargatzea onuragarria dela onartzen dute. Gainera, haien ustetan, zaleek kargatutako edukia artista ezagutzera emateko eta salmenta gehiago lortzeko lagungarria da.
Content ID-k eskubideen kudeaketa automatizatzen duelako egin daiteke hori guztia. Zale batek YouTube-ra bideo bat kargatzen duenean, eduki-jabeek hornitutako edukiaren datu-base batekin konparatzen da. Bat-etortze bat hautematen denean, bideoan erreklamazio bat ezartzen da eduki-jabearen izenean, eta bideoarekin zer neurri hartu behar den erabakitzeko aukera ematen zaio. Musika-erreklamazioen ehuneko 0,5 soilik egiten dira eskuz. Gainerako ehuneko 99,5a geuk kudeatzen dugu, ehuneko 99,7ko zehaztasunarekin. Gaur egun, zaleek kargatutako edukiak sortzen du musikaren sektorearen YouTube-ko diru-sarreren ehuneko 50a.
Content ID-ri esker, YouTube-k milaka milioi dolar ordaindu dizkio musikaren sektoreari, eta kopuru hori nabarmen hazten da urte batetik bestera. Horregatik, harrigarria iruditzen zaigu diskoetxe eta artista batzuek YouTube-n "lizentziarik gabeko" musika onartzen dela eta artistei diru-sarrerak ukatzen zaizkiela esatea. YouTube-k oso serio hartzen du copyrightaren kudeaketa, eta, musika edozeinek kargatzen duela ere, eskubideen jabeek dirua irabazten dutela ziurtatzeko ahaleginak egiten ditugu. Ez dago mota guztietako edukiaren sortzaileei (handi eta txikiei) horrenbeste diru ematen dien beste plataformarik.
Musika-lizentzien kudeaketa
Askotariko eskubide sortak behar dira YouTube-n abesti bat erreproduzitzeko, eta eskubide bakoitza alderdi desberdin batek administratu ohi du. Abesti bat erabiltzen den bakoitzean, mundu osoko dozenaka eskubide-jaberen artean banatu behar dira YouTube-ren ordainketak, eta bakoitzak zatitxo bat eskuratzen du.
Gure ustez, gardentasuna funtsezkoa da musikaren sektorean artistak babesten direla ziurtatzeko; beraz, ikus ditzagun kontuan hartu beharreko eskubideak eta eskubideen jabeak.
Grabaketa nagusia erabiltzeko eskubidea
Publikoki interpretatzeko eskubideak
Grabatutako musika-eduki guztien (grabaketa nagusiak) oinarrian lan musikal bat dago (konposizioa), eta eskubide sorta desberdinak aplikatzen zaizkio lan horri. YouTube-ri dagokionez, bi kategoriatan bana daitezke eskubide horiek: publikoki interpretatzeko eskubideak eta bestelako eskubideak.
Publikoki interpretatzeko lizentziak interpretazio-eskubideen bitartekaritza-erakundeek kontrolatzen dituzte askotan. Bitartekaritza-erakunde horien helburua tabernek, jatetxeek, hotelek eta abarrek erabiltzen duten musika ordaintzen dutela ziurtatzea da. YouTube-n abesti bat zuzenean erreproduzitzen denean, erakunde horiek, royaltyak bildu, eta konpositore eta musika-argitaratzaileen artean banatzen dituzte, konposizio horren interpretazio publikoaren truke. Askotan, "egile- eta editore-eskubideen elkarte" deritzen entitateak arduratzen dira zeregin horretaz beste herrialde batzuetan. Erakunde horiei esleitzen zaie eskubideak kudeatzeko funtzioa, eta askotan lizentzia orokorrak ematen dituzte, lizentzia jasotzen duen alderdiak epe jakin batean egile- eta editore-eskubideen elkartearen katalogo osoa erabili ahal izan dezan, lan bakoitzari dagozkion lizentziak eskatu beharrean.