YouTube-ren bilaketa- eta aurkikuntza-sistemak ziurrenik ikusiko lituzketen bideoak aurkitzen laguntzen die ikusleei, haien asebetetze-maila epe luzera maximizatzeko. Lortu zure bideoen eta kanalaren errendimenduari buruzko erantzunak maiz egiten diren galderen atal honetan.
Jaso ikusleek bideoak erraz aurkitzeko aholkuak sortzaileentzat.
Aurkikuntzari buruz maiz egiten diren galderak
Nola aukeratzen ditu YouTube-k sustatzen dituen bideoak?
Gure gomendio-sistemak honako faktore hauei erreparatzen die ikus-entzuleei ahalik eta bideo sorta onena eskaintzeko:
- zer ikusten duten
- zer ikusten ez duten
- zer bilatzen duten
- gustatu izanaren eta ez izanaren adierazpenak
- edukia ez interesatzearen inguruko adierazpenak
Nola lor dezaket nire bideoak ikus-entzule gehiagoren artean sustatzea?
Ez duzu algoritmoen edo estatistiken inguruko aditu bat izan beharrik YouTube-n arrakasta izateko. Horren ordez, kontzentratu zure ikus-entzuleak ezagutzean. Gure gomendio-sistemak ez dizkie sustatzen bideoak ikus-entzuleei. Horren ordez, ikus-entzuleak YouTube-n sartzen direnean haientzako moduko bideoak bilatzen dizkie. Errendimendua eta ikus-entzuleentzat duten egokitasuna hartzen dira kontuan bideoak sailkatzeko, eta bideo guztiek ez dituzte betetzen gomendio izateko baldintzak.
Nola sailkatzen dira bideoak orri nagusian?
Orri nagusia ikus-entzuleek YouTube aplikazioa irekitzean edo YouTube.com bisitatzean ikusten duten orria da. Bertan erakusten ditugu ikusle bakoitzarentzako gomendio pertsonalizatu egokienak. Ikus-entzuleak orri nagusira joaten direnean, harpidetzetako bideoak bistaratzen ditu YouTube-k. Antzeko ikusleek erreproduzitutako bideoak eta bideo berriak ere agertzen dira bertan. Ezaugarri hauetan oinarritzen da bideoen hautapena:
- Errendimendua: zure bideoek antzeko ikusleen artean sortu duten interesa eta asebetetze-maila, beste faktore batzuen artean.
- Erreprodukzio- eta bilaketa-historia: ikus-entzuleek zer maiztasunekin ikusten duten kanal edo gai bat, eta zenbat aldiz erakutsi dugun bideo bakoitza.
Kontuan izan eduki guztiak ez dituela betetzen YouTube-ren orri nagusian gomendio gisa agertzeko baldintzak.
Nola hautatzen dira musika-arrakasten zerrendarako bideoak?
Nola sailkatzen dira bideoak Hurrengoa paneleko iradokizunetan?
Iradokitako bideoak ikus-entzuleak ikusten ari diren bideoaren ondoan gomendatzen dira, Hurrengoa panelean. Ziurrenik jarraian ikusiko dituzten bideoen arabera sailkatzen dira iradokitako bideoak. Bideo horiek ikus-entzuleak ikusten ari diren bideoarekin erlazionatuta egon ohi dira, baina baliteke erreprodukzio-historiaren arabera pertsonalizatuta egotea ere bai.
Kontuan izan eduki guztiak ez dituela betetzen bideo-gomendioen jarioaren orrietan gomendio gisa agertzeko baldintzak.
Nola sailkatzen dira bideoak bilatzailean?
Google-ren bilatzaileak bezala, bilatutako gako-hitzen arabera egokienak diren emaitzak bistaratzeko helburua du YouTube-ko bilatzaileak. Faktore hauen arabera sailkatzen dira bideoak:
- bideoaren izena, azalpena eta edukia zenbateraino datozen bat ikuslearen bilaketarekin
- zer motatako bideoek lortzen dituzten interakzio gehien bilaketetan
Oharra: bilaketa-emaitzak ez dira ikustaldi gehien dituzten bideoen zerrenda bat.
Bideoaren izena edo irudi txikia aldatuz gero, algoritmoan duen sailkapena aldatuko al da?
Agian bai, baina ikusleek bideoarekin interakzioan nola jarduten duten kontuan hartzen dugulako izango litzateke, ez bideoaren izena edo irudi txikia aldatu delako. Bideo batek itxura desberdina badu, ikusleek beste modu batera jarduten dute interakzioan harekin emaitzetan agertzen zaienean. Bideoaren izena eta irudi txikia aldatzea ikustaldi gehiago lortzeko modu eraginkor bat izan baliteke ere, ez aldatu emaitza onak ematen dizkizun ezer.
Nola optimiza ditzaket izena eta irudi txikia ikusleek bideoa errazago aurki dezaten?
Erabili aholku hauek izena eta irudi txikia optimizatzeko, bideoa errazago aurki dezaten:
- Ziurtatu irudi txikiak gure irudi txikiei buruzko gidalerroak gordetzen dituela.
- Erabili izen erakargarriak bideoetarako, baina ziurtatu bat datozela edukiarekin.
- Sortu edukia zehaztasunez islatzen duten irudi txikiak.
- Ez erabili honelako izenak eta irudi txikiak:
- azpikeriazkoak, engainagarriak, klik egiteko amuak edo sentsazionalistak: bideoaren edukiarekin bat ez datozenak
- eskandalagarriak: hizkera iraingarria edo gaitzesgarria dutenak
- higuingarriak: irudi nazkagarriak dituztenak
- indarkeria funsgabea dutenak: indarkeria edo tratu txarrak funtsik gabe sustatzen dituztenak
- desegokiak: sexualki limurtzaileak edo lizunak diren portaerak iradokitzen dituztenak
- zaratatsuak: izenak nabarmentzeko MAIUSKULAK edo !!!!! erabiltzen dituztenak
Metodo horiek erabiliz gero, agian ikusle berri potentzialak uxatuko dituzu, eta baliteke kasu batzuetan Komunitate-gidalerroak urratzeagatik edukia kentzea.
Dirua irabazteko aukeraren egoerak (ikono horiak) eragiten al dio nire bideoa aurkitzeko erraztasunari?
Ez, gure bilaketa- eta gomendio-sistemak ez daki zer bideok daukaten gaituta dirua irabazteko aukera. Ikus-entzuleentzat gustagarriak izango diren bideoak gomendatzen ahalegintzen gara, dirua irabazteko aukera gaituta daukaten ala ez. Bideoak indarkeriazko edukia edo eduki esplizitua badu, agian desgaitu egingo zaio dirua irabazteko aukera. Halaber, baliteke ikusle gutxiagori gomendatzea, egokia ez delako. Adibide honetan, bideo bat gutxiago gomendatzearen arrazoia ez da dirua irabazteko aukera desgaituta daukala, bideoaren edukia bera baizik.
Zeinen garrantzitsuak dira etiketak?
Ez dute garrantzirik. Etiketak ohiko ortografia-akatsak zuzentzeko erabiltzen dira gehienbat (adibidez, YouTube beharrean U Tube edo You-tube idaztea).
Kanala herrialde/lurralde jakin batean ezartzeak eremu horretako ikusle gehiagotara heltzen laguntzen du? Adibidez, kokapena AEBn ezartzea, Brasilen banago ere.
Ez, kokapen-ezarpenek ez dute eraginik YouTube-n edukia gomendatzeko moduan.
Gustatu izanaren edo ez izanaren adierazpenek eragiten al diote bideoa gomendatzeko moduari?
Pixka bat. Gustatu izanaren eta ez izanaren adierazpenak bideoak sailkatzean aintzat hartzen ditugun ehunka faktoreetako batzuk dira. Ikusleek bideoa ikustea erabakitzen duten ala ez begiratzen du gomendio-sistemak. Ikusleek bideoa ikusten zenbat denbora ematen duten eta edukiarekin asebeteta geratzen diren ala ez hartzen du kontuan sistemak. Faktore horiek konbinatuta kalkulatzen da bideoaren errendimendu orokorra.
Bideo bat ikusgaitz gisa kargatzen badut eta, geroago, publiko gisa ezartzen badut, horrek kalte egingo dio bideoaren errendimenduari?
Ez. Inporta duena da ikusleek nola erantzuten duten hura argitaratu ondoren.
Errendimenduari buruz maiz egiten diren galderak
Nire bideoetako batek emaitza txarrak ematen baditu, nire kanalari eragiten dio?
Ikusleei bideo bat gomendatzen zaienean nola erantzuten duten da garrantzitsuena. Gure sistemak bideoarekin eta ikus-entzuleekin lotutako seinaleetan oinarritzen dira gehienbat zure ikus-entzuleei zer bideo gomendatu erabakitzeko. Zure bideoak gomendatzean ikusleek haiek ikusteari uzten diotenean jaisten dira kanalaren ikustaldi orokorrak.
Epe batez edukia kargatzeari uzten badiot, kanalaren errendimenduari eragingo al dio?
Behar duzunean atseden hartzea gomendatzen dizugu. Atseden hartu duten milaka kanal ikertu ditugu, eta ez dugu erlaziorik aurkitu etenaldien luzeraren eta ikustaldi kopuruaren aldaketen artean. Gogoan izan agian denbora bat igaroko dela ikus-entzuleak berriro "berotu" arte, edukia ikusteko ohitura berreskuratu behar baitute.
Egunero edo gutxienez astean behin kargatu behar al dut edukia?
Ez. Urteetan zehar ikerketak egin ditugu eta ondorioztatu dugu ikustaldien hazkundeak ez daukala zerikusirik kargen artean igarotzen den denborarekin. Sortzaile askok harreman egonkorrak eraiki dituzte ikus-entzuleekin kalitateari lehentasuna emanez, kantitatea lehenetsi beharrean. Zeure burua zaintzea gomendatzen dizugu, erretzea ekiditeko. Ikus-entzuleentzat nahiz zure ongizaterako da garrantzitsua hori.
Noiz da bideoak argitaratzeko unerik onena?
Argitaratze-orduak ez du eraginik bideo baten epe luzeko errendimenduan. Ikusle egokiei bideo egokiak eskaintzea da gure gomendio-sistemaren helburua, bideo horiek edozein unetan kargatu direla ere. Hala eta guztiz ere, argitaratze-ordua garrantzitsua da zuzeneko igorpenetarako, bideoen estreinaldietarako eta beste formatu batzuetarako. Irakurri YouTube Analytics-eko "Noiz dauden zure ikusleak YouTube-n" txostena estreinaldiak noiz programatu edo hurrengo zuzeneko igorpena noiz antolatu ulertzeko.
Bideoak zure ikus-entzuleak aktiboen daudenean argitaratzea lagungarria izan liteke hasierako ikusleriari dagokionez, baina ez dago frogatuta bideoaren epe luzeko errendimenduan eraginik duenik.
Zer da garrantzitsuagoa: ikusitakoaren batez besteko ehunekoa edo ikustaldien batez besteko iraupena?
Gure aurkikuntza-sistemak bideoak ikusten emandako denbora absolutua eta erlatiboa erabiltzen ditu seinale gisa ikus-entzuleen interakzio-maila neurtzeko, eta gauza bera egitea gomendatzen dizugu. Formatu laburreko nahiz luzeko bideoek arrakasta izatea nahi dugu; beraz, bideoen luzera edukiaren arabera egokitzea da onena. Orokorrean, bideoak ikusten emandako denbora erlatiboa garrantzitsuagoa da formatu laburreko bideoen kasuan. Formatu luzeko bideoetarako, aldiz, bideoak ikusten emandako denbora absolutua da garrantzitsuena. Ikus-entzuleen atxikipena erabil dezakezu zure ikusleek edukia ikusten zenbat denbora eman nahi duten jakiteko, eta horren arabera edukia doitzeko.
Zergatik ditut ikustaldi gutxiago harpidedunak baino?
Zure YouTube-ko kanalari jarraitzeko zenbat ikusle harpidetu diren adierazten du harpidedun kopuruak. Kopuru horrek ez du islatzen zenbat ikuslek ikusten dituzten zure bideoak. Ikusleak dozenaka kanaletara daude harpidetuta batez beste, eta baliteke ez ikustea jarraitzen dieten kanalek kargatutako bideo berri guztiak. Halaber, ohikoa da ikusleak jada ikusten ez dituzten kanaletara harpidetuta egotea. Ezagutu zure ikus-entzuleak YouTube Analytics-ekin.
Zergatik jasotzen du nire kanalak trafiko gutxiago orri nagusitik edo iradokizunetatik?
Askotariko arrazoien ondorioz handitzen edo txikitzen da kanal baten ikusleria. Hona hemen gomendioetako trafikoa murriztearen ohiko arrazoietako batzuk:
- Zure ikus-entzuleek gehiago ikusten dituzte YouTube-ko beste bideo eta kanal batzuk.
- Zure ikus-entzuleek denbora gutxiago ematen dute YouTube-n.
- Errendimendu handiko bideo gutxi batzuk izan dituzu, edo bideoren bat "biral" egin zen, baina ikusle horiek ez dira itzuli eduki gehiago ikustera.
- Ohi baino gutxiagotan kargatzen duzu edukia.
- Zure bideoen gaia arrakasta galtzen ari da.
Gogoan izan zure ikus-entzuleen interesak agian aldatu egingo direla denborarekin. Garrantzitsua da gai eta formatu berriekin esperimentuak egitea etengabe. Ikus-entzule kopuru handi bat lortzeko, lehendik dituzten ikusleak mantendu, eta berriak erakarri behar dituzte sortzaileek.
Bideo zahar batek arrakasta lortu du bat-batean. Zergatik?
Ohikoa da ikusleek bideo zaharrekiko interes gehiago erakustea. Ikusle askok ez dituzte ordena kronologikoan ikusten bideoak, eta ez dute erabakitzen zer ikusi bideoaren argitaratze-dataren arabera. Ikusleek bideo zahar batekiko interes gehiago erakusten badute, baliteke arrazoi hauengatik izatea:
- Bideo horren gaia geroz eta arrakasta gehiago lortzen ari da.
- Ikusle berriek zure kanala aurkitu dute eta bideo zahar guztiak ikusten ari dira.
- Ikusle gehiagok erabakitzen dute zure bideoa ikustea gomendatzen zaienean.
- Bideo berri bat kaleratu duzu bideo-serie batean, eta ikusleei atal zaharragoak ikusteko gogoa sartu zaie.
Bideo zaharrago bat trafiko gehiago lortzen hasten denean, pentsatu zer motatako edukia kalera dezakezun ikusle horiek eduki gehiago ikustera animatzeko.
Nola eragiten dio haurrentzat bereziki sortuta egoteak nire bideoaren errendimenduari?
Bideoak haurrentzat bereziki sortuta daudela adierazten bada, probabilitate handiagoz agertuko dira gomendio gisa haurrentzako gainerako bideoetan. Baliteke norberak zuzen sailkatu ez duen edukia ez gomendatzea antzeko bideoekin batera.