Haurren YouTube-ren erabilera bideratzeko aukerak ematen dizkiegu gurasoei (besteak beste, haur-kontu gainbegiratu bat konfiguratzen dutenean edukiaren ezarpen bat hautatzeko aukera). Edukiaren ezarpenek haurrak zer eta zenbat ikusten duen zehazten dute. Edukiaren ezarpen bat aukeratu ostean, nahi duzunean alda dezakezu.
Erabilera gainbegiratua darabilten familientzako edukiaren ezarpenak
Azken albisteak, berritasunak eta aholkuak jasotzeko, harpidetu YouTube Viewers kanalera.
Aukeratzen duzun edukiaren ezarpenaren arabera, haurrak bideoetako iruzkinak ere ikus ditzake.
Nola funtzionatzen dute edukiaren ezarpenek?
YouTube-k edukiaren egokitasunari buruzko gidalerro batzuk garatu ditu. Orokorrean, bat datoz telebistako eta filmetako edukiaren sailkapenekin. Gidalerro horiei esker, haurrek ikus ditzaketen bideoak zehazten dira, edukiaren ezarpenaren arabera.
Gure sistema automatizatuek edukiaren ezarpen bakoitzerako egokiak diren bideoak hautematen dituzte, gure edukiaren gidalerroetan oinarrituta. Badakigu gure sistemak ez direla hutsezinak, eta batzuetan akatsak egiten dituztela. Gizakiak diren berrikusleen eta ingeniarien talde bat dugu elkarrekin lanean, gure sistemak etengabe hobetzeko. YouTube-rako desegokia den zerbait aurkituz gero, salatu egin dezakezu.
Aukeratzen duzun edukiaren ezarpenaren arabera, haurrak bideoetako iruzkinak ere ikus ditzake.
Aukera daitezkeen edukiaren ezarpenak
| Arakatu | Oro har, bat dator 9 urtetik gorako ikusleentzako edukiaren sailkapenarekin |
|---|---|
| Arakatu gehiago | Oro har, bat dator 13 urtetik gorako ikusleentzako edukiaren sailkapenarekin |
| YouTube-ko eduki gehiena | YouTube-ko ia bideo guztiak, 18 urtetik gorakoentzat markatuta dauden bideoak eta agian erabilera gainbegiratua duten ikusleentzat desegokiak diren bideoak izan ezik |
Edukiaren gidalerroak
Gure edukiaren gidalerroak ezberdinak dira edukiaren ezarpenaren arabera, eta haurrek ikus ditzaketen bideo motak zehazten dituzte. Gidalerrook aldizka berrikusten ditugu; beraz, baliteke hemen beheko definizioak osatu gabe egotea.
Arakatu"Arakatu" YouTube Kids erabiltzeari uzteko eta YouTube-ko eduki sorta askoz zabalago bat arakatzen hasteko prest dauden familientzat da. Ezarpen horrek askotariko bideoak hartzen ditu barnean, orokorrean bederatzi urtetik gorako ikusleentzako edukiaren sailkapenarekin bat datozenak; besteak beste, bideoblogak, tutorialak, bideojokoei buruzko bideoak, musika-bideoak, albisteak, hezkuntza-edukia, "Egizu zerorrek" motako bideoak, eskulanak, dantza eta abar. Baliteke bideo batzuek hauek izatea:
Helduentzako edukia: gai erromantikoak dituzten bideoak; besteak beste, maitasunaren eta erakarpenaren agerraldi arinak. Adinari egokitutako hezkuntza-bideoak sexu-identitateari eta genero-identitateari buruz, baita sexu-hezkuntzari buruzko gaiak ere; adibidez, pubertaroari eta ugalketari buruzkoak.
Indarkeria: gaur egungo gertaerekin edo gertaera historikoekin erlazionatuta eta adinari egokituta dauden bideo hezitzaileak, baina agian indarkeria arina dutenak gertaeraren testuinguruan. Esplizitua ez den indarkeria bideo gidoidunetan edo animaziozko bideoetan; adibidez, marrazki bizidunetan, bideojokoetan, saioetan eta filmetan agertu ohi dena.
Armak: errealistak ez diren armak dituzten bideoak, jostailuak erabiltzearen, bideojokoen eta animazioaren testuinguruan, baita testuinguru historikoko arma artistikoak ere.
Eduki arriskutsua: adingabeentzat imitatzen zailak diren akrobaziak, txantxak, erronkak eta antzeko ekintza arriskutsuak dituzten bideoak, edo segurtasunaren inguruko ezagutarazte-ohar egokiak dituen erantzukizun-ukatze nabarmen bat dutenak. Alkohola edo tabakoa labur erakusten duten bideoak.
Hizkera desegokia: pixka bat iraingarria den hizkera ("kaka zaharra", "demontre" eta abar) gutxitan erabiltzen dituzten bideoak, jazarpenekoa ez den testuinguru batean.
Dietak, fitnessa eta edertasuna: edertasun-produktuen iritziak, adinari egokitutako makillaje-tutorialak eta ongizateari buruzko eduki hezitzailea duten bideoak. Elikadura osasuntsuari eta ariketa fisikoari buruzko edukiak sartzen dira hemen.
Kontuzko gaiak: kontuzko gaiak jorratzen dituzten eta adinari egokituta dauden bideoak. Gai horien artean hauek egon litezke: osasun mentala, mendekotasunak, elikadura-nahasmenduak, eta heriotza eta dolua. Ezarpen honek onartzen dituen bideoak ez dute irudi espliziturik eta arazoei aurre egiteko eta sendatzeko estrategietan jartzen dute arreta, baita laguntza eskatzearen garrantzian ere.
Musika-bideoak: baliteke musika-bideoetan pixka bat iraingarria den hizkera erabiltzea, edo alkohola edo tabakoa aipatzea. Era berean, baliteke funsgabea ez den dantza sexualizatua eta alkoholaren eta tabakoaren erabilera murritza erakustea.
"Arakatu gehiago" YouTube-ko unibertso zabala gehiago arakatzeko prest dauden haurrentzat da. Ezarpen horretan "Arakatu" ezarpeneko eduki guztia eta 13 urtetik gorako erabiltzaileentzako edukiaren sailkapenarekin bat etorri ohi diren bideo gehiago sartzen dira; besteak beste, zuzeneko igorpenak, bideoblogak, tutorialak, bideojokoei buruzko bideoak, albisteak, hezkuntza-bideoak, "Egizu zerorrek" motako bideoak, eskulanak, dantza eta abar. Baliteke bideo batzuek hauek izatea:
Helduentzako edukia: gai sexualak jorratzen dituzten bideoak (adibidez, jarduera sexualei buruzko kontakizun ez-esplizituak eta kontaktu fisikoa erakustea). Hezkuntza-bideoak sexu-identitateari eta genero-identitateari buruz, baita sexu-hezkuntzari buruzko gaiak ere; adibidez, garapen sexualari, ugaltze-aparatuaren osasunari, abstinentziari eta gaixotasunen prebentzioari buruzkoak.
Indarkeria: gaur egungo gertaerekin edo gertaera historikoekin erlazionatutako hezkuntza-bideo ez-esplizituak. Indarkeria esplizitu igarokorra bideo gidoidunetan edo animaziozko bideoetan; adibidez, bideojokoetan, saioetan eta filmetan agertu ohi dena.
Armak: benetako armak edo arma errealistak bideo gidoidunetan; adibidez, telebista-saioetan eta filmetan agertu ohi direnak. Benetako su-armak dituzten bideoak; baldin eta testuingurua kirola bada edo su-armen segurtasunari buruzko eduki hezitzailea bada.
Eduki arriskutsua: kalte fisiko larria eragin dezaketen baina adingabeentzat imitatzen zailak diren akrobaziak, txantxak, erronkak eta antzeko ekintza arriskutsuak dituzten bideoak. Alkoholaren edo tabakoaren erabilera maiz erakusten duten bideoak.
Hizkera desegokia: hizkera iraingarria edo biraoak (adibidez, "puta" edo "kabroia") maiz erabiltzen dituzten bideoak, jazarpenekoa edo sexuala ez den testuinguru batean. Gutxitan eta jazarpenekoa ez den testuinguru batean erabiltzen badira, baliteke mespretxuzko irainak agertzea, hezkuntzaren edo musika-bideo baten testuinguruan soilik.
Dietak, fitnessa eta edertasuna: makillaje-tutorialak, edertasun-aholkuak eta bizitza hobetzeko trikimailuak dituzten bideoak, baita elikadura osasuntsuari eta ariketa fisikoari buruzkoak ere.
Kontuzko gaiak: kontuzko gaiekin (adibidez, osasun mentala, pentsamendu suizidak, nork bere buruari min ematea, mendekotasunak, elikadura-nahasmenduak, eta heriotza eta dolua) erlazionatutako bideo ez-esplizituak. Bideo horiek arazoei aurre egiteko eta sendatzeko estrategietan jartzen dute arreta, baita laguntza eskatzearen garrantzian ere.
Musika-bideoak: baliteke musika-bideoetan sexu-aipamenak egitea edo birao esplizituak gutxitan erabiltzea, edo mespretxuzko irainak agertzea, jazarpenekoa edo gorrotozkoa ez den testuinguru batean. Era berean, dantza sexualizatua eta alkoholaren, tabakoaren edo marihuanaren erabilera erakustea.
Edukiaren ezarpen honekin, haurrak bideoetako iruzkinak irakur ditzake, baina ezin ditu idatzi.